1936ko otsailaren 2an, goizeko 11:30ean, inauguratu zen San Migelen Sofía Taramona Ortiz de la Riva Eskola Taldea izeneko eskola berri bat.
20ko hamarkadaren amaieratik, asko hazi zen Basauriko biztanleria, eta, horren ondorioz, eskola nazionalak ez ziren nahikoak udalerriko eskola-adinean zeuden haur guztiak hartzeko. Horregatik, 1930eko urtarrilean, Udalak Elejalden, Arizgoitin eta Bizkotxalden eskolak eraikitzeko akordioa onartu zuen.
San Migelen kasuan, gainera, Udalak azpimarratu zuen ordura arte eskola gisa erabiltzen zen, eta gaur egun Kultur Etxea dagoen eraikina egoera negargarrian zegoela: Existe en el término municipal una escuela unitaria de niños y niñas en San Miguel y Elejalde, inapropiada ya para el número de asistentes y que carece de las condiciones pedagógicas e higiénicas. (Acta del Pleno municipal de Basauri del 20 de enero de 1930.
1929az geroztik, Udala José Taramonarekin, Castilnovoko kondearekin, hasi zen harremanetan, Elejalden lursail batzuk lagatzeko. Lursail horiek bere lehen emaztearen familiakoak ziren, Ortiz de la Riva Aranatarrenak. Basauriko Udal Batzorde Iraunkorraren 1929ko uztailaren 17ko akta funtsezkoa da ikastetxe berriari emandako izenaren zergatia ulertzeko:
Y la comisión permanente profundamente conmocionada con el altruista y generoso proceder del Excelentísimo Señor Conde de Castilnovo, embargado aún por el justificado fallecimiento de su bondadosa hija la señorita María Sofía Taramona y Ortiz de la Riva (Q.E.P.D.) a cuyo duelo se asoció el Ayuntamiento de esta Anteiglesia, acordó por unanimidad absoluta expresar a dicho prócer la gratitud de la corporación municipal de Basauri por los donativos referidos, someter al Ayuntamiento pleno la manera de hacer extensible el agradecimiento al donante y el homenaje que deberá tributarse, que se someta a la vez, se denomine el grupo escolar que se levante en Elejalde, Grupo Escolar María Sofía Taramona...

Basauriko Udal Batzorde Iraunkorraren aktaren zatia, 1929ko uztailaren 17koa
Eraikinaren obraren proiektua Hermenegildo José Murga udal arkitektoak aurkeztu zuen 1935eko hasieran. Eraikuntza-lanak hilabete batzuk geroago hasi ziren, Instrukzio Publikoko Ministerioaren laguntzarekin. Horren ondorioz, eskola-talde bat eraiki zen, bi gradurekin: bata mutilentzat, eta bestea neskentzat, bakoitzak hiru atal zituela.
Azken eraikinak bi hegal zituen, zirkuluerdi-formakoak, eta angelu batean elkartzen ziren. Angelu horretan eskalinata bikoitz bat zegoen. Horrek guztiak nolabaiteko kutsu funtzionalista ematen zion eraikinari, irakaskuntzarako garaiko eraikinetan oso ohikoa zena.
Hermenegildo José Murga Acebal (Balmaseda 1892 – Bilbo 1964) Basauriko udal arkitektoa izan zen 20ko hamarkadatik 60ko hamarkadara. Udaletxe zaharraren eraberritzea, San Pedro eliza, Astigarraga etxea, edo Bonifacio López eskola dira arkitekto honek gure herrian egin zituen beste obra ugarietako batzuk.
Hala eta guztiz ere, 1950eko hamarkadaren amaierarako San Migel eskola ez zen nahikoa. Auzoak biztanleria handitu zuen berriro, Hernán Cortes etxebizitza-multzoaren eraikuntzaren ondorioz. 1958an eraikina handitzeko enkargua egin zitzaion Pascual Perea Chavarri udal arkitektoari.
Gaur egun, Sofia Taramona Ikastetxeak gure ikasle asko hartzen ditu oraindik San Migel gunean.

1936ko otsailaren 4ko El Pueblo Vasco egunkaritik ateratako irudia, Eskola Taldearen inaugurazioari buruzkoa

1936ko otsailaren 4ko La Gaceta de Norte egunkaritik ateratako irudia, Eskola Taldearen inaugurazioari buruzkoa
Zer dakigu Sofia Taramonari buruz?
María Sofía Taramona Ortiz de la Riva 1929ko apirilaren 16an hil zen, Madrilen, 15 urte besterik ez zituela. Bere amaren familiak lurrak zituen San Miguelen, eta lur horiek bere aita José Taramona Díez de Entresotos santurtziarrari eman zizkioten. Haren ama, Sofia Ortiz de la Riva Arana bilbotarra, urte batzuk lehenago hil zen, 1915ean, tuberkulosiak jota. Sofia Taramonaren heriotza gertatu zen aita Basauriko Udalarekin eskola baterako lurrak saltzeko negoziaketetan zabilela. Horren ondorioz, gerora altxatu zen Eskola Taldeak neska hilaren izena izan zuen, eta oraindik ere izen hori du.
Ba al zenekien bere amaren aldeko aitona Celestino Ortiz de la Riva Allendesalazar Bilboko alkate izan zela 1887tik 1889ra?
Iturriak eta bibliografia:
Basauriko Udal Artxiboa
Basauriko Udala. Osoko bilkuren aktak. [Kontsulta: 2024-02-15]. www.basauri.eus
Basauri Kultur Etxea
El Pueblo Vasco, 1936ko otsailaren 4a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala
La Gaceta del Norte, 1936ko otsailaren 4a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala
Velilla Iriondo, J.: Basauriko San Migel: historia eta artea. Bizkaiko Foru Aldundia, 1993