1898ko azaroan, Bilbo, Durango eta Zeanuri artean lurrunezko tranbia eraikitzeko eta ustiatzeko emakida jasotzen zuen Errege Agindua argitaratu zen. Hilabete batzuk geroago, 1899an, Sociedad Anónima del Tranvía Eléctrico de Bilbao a Durango y Arratia eratu zen, eta handik gutxira hasi ziren obrak. 1899. urtearen amaierarako, tranbia funtzionatzen hasi zen, animalia-trakzioarekin Lemoa eta Artea arteko zatian. 1900. urtean, tranbia elektrifikatzeko baimena eman zuten, eta, hainbat proba egin ondoren, 1902ko abenduaren 6an, Bilbotik Durangora eta Arratiara zihoan tranbia elektrikoa inauguratu zuten ofizialki, eta sekzio guztietan martxan jarri zen. 1911n, Compañía de los Ferrocarriles Vascongados enpresak tranbiaren akziodun guztiak eta zerbitzu osoa bereganatu zituen.

Arratiako tranbiaren ibilbidea.
Iturria: Urutxurtu, J.: Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa: 50 urte Arratiako tranbia barik. Bizkaiko Foru Aldundia, 2015
Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbiak Arriaga Antzokiaren inguruan zuen abiapuntua eta helmuga. Puntu hartan kokatzen ziren itsasadarraren gaineko kaiak, merkantziak ontziz aldatzeko erabiltzen zirenak. Tranbiak Nerbioi ibaia zeharkatzen zuen San Anton zubitik, eta materialak eta produktuak trukatzen zituen Urazurrutiako kaietan. Ondoren, Abusu auzoraino iristen zen, eta, han, ibaia zeharkatzen zuen, berariaz horretarako erabiltzeko egindako zubi batetik. Abusutik, tranbia Boluetara iristen zen, eta Nerbioi ibaia gurutzatzen zuen berriz ere, Zubi Berritik. Han, «El Boquete» izeneko 200 metro inguruko bihurgunedun tunel batera sartu, eta Basaurira heltzen zen. Basaurin, tranbia Compañía Anónima Basconiaren instalazioetatik igarotzen zen, non geraleku bat eta barrura sartzen ziren zenbait adar baitzituen, salgaiak garraiatzeko. Lerroak Azbarrenetik jarraitzen zuen, ibaia berriz zeharkatzen zuen Arizko metalezko zubi baten bidez, Urbira sartzen zen. Bidea Galdakaon barrena zihoan Lemoaraino, Arratiako tranbidearen geraleku nagusiraino (han baitzegoen Durangora ala Arratiako bailarara joateko gurutzatzea). Lemoan, kotxetegiak eta tailer nagusiak zeuden. Handik, Durangoraino iristen zen tranbia, adarretako batean, lehenago Zornotzatik igaroz. Zeanurin amaitzen zen beste adarra, Igorre, Arantzazu, Artea eta Areatzatik igaro eta igaro.
Laster, Arratiako tranbia bidaiarientzako eta salgaientzako funtsezkoa bihurtu zen. Trenak Arratiako bailarako biztanleak eta Bilbo Handiko eskualdea lotzen zituen. Arratiarrek egunero hartzen zuten garraiobide hura Basauri, Galdakao edo Bilboko fabriketara joateko. Gure herrian, ohikoa zen langileak ibiltzea joan-etorrian La Basconia eta Urbiko geralekuetan. Gainera, eskualdeko baserrietako emakume askok ere erabiltzen zuten garraio hura, Bilboko hiriburuan barazkiak saltzeko. Bestalde, bilbotarrak Arratia haranera hurbiltzen zituen trenak, eta gero eta gehiago ziren Arteako edo Areatzako bainuetxeetara urak hartzera joaten zirenak, baita tranbiari esker Gorbeia ingurura hurbiltzen ziren mendizaleak ere.

Postala: Arratiako tranbia La Basconiatik.
Iturria: Kultur Etxea

Arratiako tranbia La Basconiatik.
Iturria: Kultur Etxea

Arratiako tranbia La Basconiatik.
Iturria: Kultur Etxea

Arratiako tranbiaren geralekua, Basconia kalean.
Iturria: Kultur Etxea

Arratiako tranbia El Boquete tunelaren parean. 1963.
Iturria: Burdinbidearen Euskal Museoaren artxiboa

Arratiako tranbia Urbin, Muñuzuri SA esmalte-enpresaren aurrean, 1963an. Iturria: Burdinbidearen Euskal Museoaren artxiboa

Arratiako tranbia Urbin, Álvarez Vázquez SA enpresaren aurrean, 1963an. Iturria: Burdinbidearen Euskal Museoaren artxiboa

Arratiako tranbia Azbarrenetik igarotzen
Iturria: Kultur Etxea
60 urteko historian zehar, Arratiako tranbiak gorabehera ugari izan zituen. Istripuen artean, errailetik irtetea (sarritan), harrapaketa eta talka ugari gertatu ziren; izan ere, tranbiak erabiltzen zuen bidea beste ibilgailu batzuek ere erabiltzen zuten, hala nola zalgurdiek, autoek edo kamioiek. Gerra Zibilak ere zenbait gorabehera eragin zituen tranbiaren ibilbidean, eta frankistek bonbardatu egin zuten. Ondoren ere, armada errepublikarrak, erretiratzean, tranbiak erabilitako hainbat zubi suntsitu zituen. Linean kalte handiak eragin zituzten beste gorabehera batzuk uholdeak izan ziren. 1926ko abenduan, uholde larriak izan ziren, baina 1953koak izan ziren tranbiaren egoera gehien larriagotu zutenak. Urte hartako uholdeek eragindako kalteen ondorioz, eta zerbitzua jada jasaten ari zen gainbeheraren ondorioz —batez ere, gero eta automóvil eta kamioi gehiago zeudelako— hainbat tarte kendu ziren, 50eko hamarkadan. Arratiako tranbiaren sufrikarioak 1964ra arte iraun zuen: urte hartako azaroaren 29an, tranbia Gorbeiara joateko erabiltzen zuten mendizaleek omenaldia egin zioten Lemoari eta Zeanuriri, eta, hurrengo egunean, 1964ko azaroaren 30ean, Bilbotik Durangorako eta Arratiarako tranbia elektrikoa behin betiko itxi zuten, 60 urte martxan egon ondoren.

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen
Iturriak eta bibliografia
Basauri Kultur Etxea
García, R.: Basauri: antzinako. [S.l.], 2006
Olaizola, J.: Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa. Eusko Trenbideak, 2001
Olaizola, J.: El tranvía de Arratia : (1902-1964) BBK, 2004
Urutxurtu, J.: Bilbotik Durango eta Arratiarako tranbia elektrikoa: 50 urte Arratiako tranbia barik.Bizkaiko Foru Aldundia, 2015
Urutxurtu, J.: Arratiako tranbiaren historia grafikoa (1902-1964). Bizkaiko Foru Aldundia, 2024