Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para su funcionamiento, mantener la sesión y personalizar la experiencia del usuario.

AceptarRechazar
language

San Faustoren prozesioa

San Fausto prozesioa Basaurin egiten da urriaren 13an, Santuaren egunean, jaietako patroia omentzeko, eta 1953an sortu zen. Garai hartan, San Fausto auzoko bizilagunek Santuaren irudi bat enkargatu, eta izen bereko kaleko horma-hobi batean jartzea erabaki zuten. Diru-bilketa bat egin zen, eta inguruko hainbat establezimenduk ere parte hartu zuten. 2000 pezeta inguru bildu zituzten.

Gogoratu behar dugu, garai hartarako San Fausto Parrokia eraitsia izan zela, eta tenplu horren ordez beste Eliza bat inauguratu zela, ez San Faustori eskainia, baizik eta San Pedro Apostoluari. 1953an, gainera, parrokia berri horren teilatuan San Pedro apostoluaren estatua handi bat jarri zen, Joaquín Lucarini eskultore arabarrak egina, tenplu berriko lanei amaiera emateko. Gertaera horiek guztiak kontuan hartuta, Roman Garcia bertako bizilagunak eta lekukoak azaltzen duenez, [San Faustoren irudia] herriaren erantzuna da, para perpetuar su devoción, su memoria y su tradición al ver que derriban su iglesia y no se le entroniza en la que le sustituye, desapareciendo con ello el patronazgo de su Parroquia.

Estatua Gironako Oloten iruditeria batean egin zen, eta Bilboko Malumbres liburu-dendaren bitartez egin zuten erosketa. Bilbon jaso ondoren, Ángel Ortiz joan zen hartzera 1953ko urriaren 10ean. Valentín Fernándezek Ixatxak margotu eta apaindutako horma-hobi bat jarri zuten, San Fausto kaleko 9. zenbakian. Honela dio irudiaren ondoan dagoen plakan:

San Fausto kalea bere patroiari. 1953-10-10.


San Fausto kaleko 9. zenbakiko argazkia. Bertan, horma-hobi apaindua eta San Faustoren omenezko plaka ikusten dira.


1953an instalatutako San Faustoren tailua gordetzen duen horma-hobiaren azpiko plakaren argazkia.


Argazkian ikus daiteke nola jaisten duten santua horma-hobitik prozesioan ateratzeko.

1953ko urriaren 13an, San Faustoko bizilagunek Santuaren irudi berria atera zuten prozesioan lehen aldiz, Ortiztarren musikarekin batera.

80ko hamarkadan, Txikerrak kuadrillako kide batzuk San Faustoko bizilagunei Santua prestatzen eta prozesioan eramaten laguntzen hasi ziren. Ohitura hori mantentzen da gaur egun ere. 2001ean, Txikerrak elkarteko bi emakume izan ziren Santuaren irudia eraman zuten lehen emakumeak, San Fausto kaletik San Pedro Parrokiara egin zuten ibilbidean.

2000. urteaz geroztik, San Faustoren prozesioak derrigorrezko geldialdia egiten du Piru Gainzaren bustoaren aurrean, Arizgoiti plazan. Jokalariaren omenaldi-eskulturaren aurrean gelditu, eta musikariek Athleticen ereserkia abesten dute.

Denbora batez prozesioak ez zuen parte hartze handirik izan, baina auzoko bizilagunen ahaleginari eta Ortiz anaien laguntzari esker, urtez urte tradizio horri eutsi zaio, behin ere santuarekiko hitzordura huts egin gabe. Nahiz eta, osasun egoera dela eta, jairik ez egon, azken urteetan beti ospatu izan da, Egia esan, gaur egun, San Faustoren prozesioa Basauriko jaietako ekitaldi jendetsu eta maitatuenetako bat da. Aurten ere, euren 70. urteurrenean, ez dira basauriarrak faltako.


Eskuinean, San Pedro Parrokiako San Fausto tailuaren argazkia.
Iturria: García, R.: Bi San Fausto Basauriko historian. Basauri, 1998


San Fausto prozesioaren argazkia. 50eko hamarkada.
Iturria: Kultur Etxea


Piru Gainzaren bustoaren aurrean eta Eskarabileraren begiradapean dagoen San Faustoren prozesioaren argazkia. Urtea, 2014.
Iturria: Kultur Etxea

No alt text available for image

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen

Iturriak eta bibliografia:

Basauri Kultur Etxea

Basauriko Udal Artxiboa

García, R.: Basauri: antzinako. [S.l.], 2006

García, R.: Dos San Faustos en la historia de Basauri. Basauriko Udala, 1998

El Correo, 2001eko urriaren 12a.

El Correo, 2001eko urriaren 13a.

El Correo, 2003ko urriaren 14a.

El Social, 2003ko urria.

Vecinos del Alto Nervión, 2001eko urriaren 8a.