Ezin izan dugu Basauriko Udal Musika Bandaren sorreraren data zehatza dokumentatu, baina, jakin badakigu, 1906ko amaieran Udalak gastu-partida bat bideratu zuela instrumentuak erostera banda bat sortzeko, beraz, 1907ko hasieran edo sortuko zuten. 1913ko apirilean, bandako lehenengo araudi ofiziala onartu zuten, eta hasierako artikuluetan honako hau adierazi zuten:
El Ayuntamiento de la Anteiglesia de Basauri organiza una Banda de Música, costeada por los fondos de este Municipio. La formación de esta Banda tiende a crear una agrupación artística destinada a amenizar las festividades y romerías de la Anteiglesia y dar realce a aquellos actos públicos que la Corporación determine.
Bandak, San Migel eta San Fausto jaietan aritzeaz gain, igande arratsaldeak animatzen zituen Arizgoiti Plazan (Garizuman izan ezik). Prozesioetan ere jotzen zuen, eta Corpus Christin edo Basconiaren garaipenetan. Denborarekin, ospea irabazi zuen eta eskualdeko beste toki batzuetan ere hasi ziren jotzen.
Hasiera batean banda osatzen zuten zuzendariak, zuzendariordeak, lehen mailako sei musikarik (zuzendari ordea barne), bigarren mailako zortzik, hirugarren mailako zortzik eta, gehienez, lau ikaslek. Nahiz eta guztiek soldata bat jasotzen zuten musikari gisa, kontua da soldata urria zela eta bakoitzak bere lanbidea zuela. Urteak igaro ahala eta kide gehiago eta berriak sartu zirenean, bandaren estatutuak aldatu egin ziren 1932an, 1941ean, 1958an eta 1962an onartutako erregelamendu berrietan. Horietan, besteak beste, kideen eskubide eta betebeharren berri ematen zuten, eta lizentziak, zigorrak, tresnak, entseguak eta emanaldiak ere aipatzen zituzten.

1913ko Basauriko Udal Musika Bandaren Araudia. Iturria: Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa

Basauriko Udal Musika Banda 1963an desagertu zen. Hala ere, zenbait kidek, Ortiz anaiek besteak beste, 1937an desagertu zen Erandioko Udal Musika Banda birsortu zuten 1966an, eta talde horrekin Basauriko kaleak alaitu zituzten berriro. Gaur egun oraindik herriko jaietan aritzen dira.
Ezkerretara, Basauriko Udal Musika Banda bere hastapenetan. Erdian, tximeleta-begiztaz jantzita, lehen zuzendaria, Pedro Zabaleta. Argazki honetan taldekideek uniformerik ez duten arren, badakigu hasieratik musikariek uniformea eraman behar zutela emanaldietan.
Iturria: kultur Etxea
Ortiztarrak

Udal Bandaren irudia. Behean eserita, dunbalari eusten, Manuel Ortiz, nahiz eta bere instrumentu gogokoena klarinetea izan. Basauriko Udal Bandako zuzendariordea izan zen, baita San Jose Ikastetxeko irakaslea eta Bandako zuzendaria ere.
Iturria: kultur Etxea
Izen propioa du Basauriko jai-musikaren historiak: Ortiz. Ortiz anaien jatorri musikala Basaurin, Teodoro San Segundo amaren aldeko aitonak eman zien. Avilako herri batean jaioa 1872an, Bilbora joan eta han ezkondu zen 1894an Victoria Dañobeitia larrabetzuarrarekin. Lehen alaba jaio zenerako, Julia (1896), Basaurin bizi ziren, Elejalden. Udaleko aktetan ikus dezakegunez, Teodoro arotzeria lanetan aritzen zen, baina, horrez gain, musika bandaren zuzendariorde eta bitarteko zuzendari ere izan zen lehen garaietan. Taldeko beste kide bat, zuzendariorde ere izan zena, Manuel Ortiz izan zen, 1918an Julia San Segundorekin ezkondu zena. Senar-emazte horiek hainbat seme-alaba izan zituzten: Rosario, Ángel, Teodoro, José, Alberto eta Carmelo. Bost semeak ere musikariak izan ziren. Haietako bakoitzak zenbait instrumentu jotzen zituen, baina, aita bezala, klarinetean ziren birtuosoak. Aipatzekoak dira Bizkaiko banda eta orkestra askotan izan dituzten ibilbide luzeak.
Ángel Ortizek klarinetea eta kontrabaxua jotzen zituen. Basauriko bandan parte hartzeaz gain, Bilboko Orkestra Sinfonikoko eta Udal Bandako kidea izan zen, baita Urduñako Udal Bandakoa eta Erandiokoa ere. Gainera, tresnak konpontzen eta fintzen zituen San Fausto kaleko bere tailerrean. 1956an, Bilboko Malumbres liburu-dendari San Faustoren tailla eskatu zion, zeina oraindik ikus dezakegun izen bereko kaleko horma-hobian.
Teodoro Ortizek ere klarinetea jotzen zuen. Basauriko Bandan eta San Jose Ikastetxeko Bandan parte hartu zuen. Azkenik, bere anaiekin batera Erandioko Udal Bandan parte hartu zuen.
José Ortiz klarinete jolea izan zen Basauriko bandan parte hartu ez zuen anaia bakarra, baina Bilboko, Erandioko, Amorebietako eta Urduñako Udal Bandetan parte hartu zuen.
Alberto Ortiz, Basauriko Udal Bandatik igaro ondoren, oso gazte sartu zen Bilboko Udal Bandan, eta klarinetean nabarmendu zen. Bilboko Orkestra Sinfonikoan ere parte hartu zuen, eta Bilboko Kontserbatorioko irakasle izan zen.
Azkenik, Carmelo Ortiz tronpeta eta baxuarekin nabarmendu zen. Basauriko bandatik igaro ondoren, Bilbokoan eta Erandiokoan parte hartu zuen, eta azken horretako zuzendaria izan zen. San Fausto eta Club Deportivo Basconia Escuela de Aprendices (BEA) ereserkietako baten egilea izan zen.

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen
Iturriak eta bibliografia:
Basauriko Udal Artxiboa
Basauriko Udala. Osoko bilkuren aktak. [Konsulta: 2022-09-22]. www.basauri.eus
García, R.: Basauri: antzinako Basauriko Udala, 2006
García, R.: Basauri, mi pueblo. Basauriko Udala, 1993
Zabala Alonso de Armiño, Beatriz. Gora San Fausto!!! Gora Basauri!!!: Sanfaustoak eta Herriko Taldeak, 1968-2018 . Beta III Milenio, 2018