Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para su funcionamiento, mantener la sesión y personalizar la experiencia del usuario.

AceptarRechazar
language

Euskal Herriko Dantza Agerketa, 50 urte

50 urte igaro dira 1972ko urriaren 15ean, San Fausto Jaietan, Euskal Herriko Dantza Agerketaren lehen edizioa egin zenetik.

Sorrera

Dantza Agerketa sortu zen 60ko hamarkadaren amaiera aldera, hainbat talde eta elkarte sortu zirenean Euskal Herriko tradizioak eta ohiturak berreskuratzeko ahaleginean. Besteak beste, dantza- eta txistu-taldeak sortu ziren, eta euskal folkloreari lotutako beste hainbat elkarte. Basauriri dagokionez, nabarmentzekoa da gazte-kuadrillek -Herriko Taldeak- jaien antolaketan egin zuten lana, eta Dantza Agerketa antolatzearen alde agertu zen Udalaren borondatea. Dena dela, 1972ko lehen edizio hartaz hitz egin aurretik, beste mugarri bat gogoratu behar dugu. 1971ko San Faustoetan, euskal dantzen alarde bat egin zen, Edurre taldearen ekimenez, Euskal Herriko Dantza Agerketaren entsegu orokor gisa balio izan zuena.

1972ko urriaren 15

Dantza Agerketaren lehen edizioa, Euskal Herriko Dantza Agerketa Nagusia izenburupean aurkeztu zena, 1972ko urriaren 15ean egin zen, igandez, Arizgoiti Plazan, ‘Plaza de España’ deitua orduan. Garai hartan, San Fausto Jaiak bi astetan zatitzen ziren tematikoki. Lehenengo astea jai eta ekitaldi herrikoiei eskaintzen zitzaien, eta bigarrena aste kulturala zen. Bigarren aste horretan erabaki zen dantza-taldeen alardea egitea. Egun eta leku berean euskal lurralde guztietako dantzariek eskainitako dantza-ikuskizun hori Euskal Herri osoan oihartzuna izan zuen kultur-ekitaldi berezi eta bakar bihurtu zen hasieratik bertatik. Ez hori bakarrik. Ikuskizunak aukera ematen zuen ordura arte herri bakoitzetik kanpo erakutsi ez ziren dantzak ikusi eta ezagutzeko, eta euskal koreografia-ondarea berreskuratu, zaindu eta zabaltzeko tresna bihurtu zen.

 

Euskal Herriko Dantza Agerketaren lehen edizioaren (1972) kartela. Iturria: Kultur Etxea

 

Arizkungo (Baztan) bi dantzariren irudia, Sagar Dantza dantzatzen Arizgoiti Plazan, 1972an. Iturria: Kultur Etxea

Lehen edizioan, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Zuberoako dantza-taldeek parte hartu zuten. Zehazki, Zuberoatik, Etxahun Iruri bertsolari eta musikari ezaguna etorri zen, eta Pierre Bordazarre hartuko zuen haren lekukoa hurrengo edizioetan. Programazioa goizeko 9:00etan hasi zen, San Migelgo Indartsu taldeko txistularien kalejirarekin. Ondoren, dantzarien desfilea eta taldeen emanaldiak egin ziren, Arizgoiti Plazan. 14:00etan, adiskidetze bazkaria egin zen, gaur arte iraun duen usadioa. Arratsaldean, folklore-erakustaldiari berrekin zitzaion, 19:30ak arte. Sabin Egigurenek zuzendu zuen Dantza Agerketaren lehen edizioa, Edurre taldeko dantzari eta irakasleak.

Biharamuneko prentsak herritarren harrera beroa aipatu zuen: El público basauritarra respondió con creces a la expectación y al esfuerzo realizado. Se aplaudieron con calor todas las danzas, sobre todo las navarras (Hoja del lunes de Bilbao, 1972ko urriaren 16a).

Jakina, ahalegin handia egin behar izan zen egitasmoa antolatzeko. Dantza-taldeekiko hartu-emanak telefonoz bideratu ziren nagusiki, baina baita zuzenean ere, autoz Euskal Herri osoko errepideetan barrena kilometro asko eginez. Askotan, adineko pertsonak konbentzitu behar ziren, beren dantzak Basaurin erakuts zitzaten, kontuan izanik dantza asko erdi galduta zeudela eta inoiz ez zirela dantzatu haien herrietatik kanpo. Halaber, ibilbideak ezartzen ziren Bizkaian barrena, kartelak jarri eta egitasmoaren berri emateko. Horri guztiari gehitu behar zaio baimenen eskaera, Gobernu Zibilean, Iparraldeko dantza-taldeak ekartzeko Basaurira.

Dantza Agerketa 50 urte hauetan zehar egiten jarraitu da. 1980an Folklor Eguna ospatu zen. 2020an, pandemia betean, osasun neurriek aforoa murriztera behartu zuten, eta ekitaldia Sozial Antzokian egin zen.

Kartelak

 

Euskal Herriko Dantza Agerketaren laugarren edizioaren (1973) kartela. Egilea: Nestor Basterretxea. Iturria: Kultur Etxea

 

Euskal Herriko Dantza Agerketaren bosgarren edizioaren (1976) kartela. Egilea: Nestor Basterretxea. Irudi bera erabili zen seigarren, zazpigarren eta zortzigarren edizioetan. Iturria: Kultur Etxea

 

Euskal Herriko Dantza Agerketaren bederatzigarren edizioaren (1981) kartela. Etxaun Iruri omendu zen. Iturria: Kultur Etxea

 

Euskal Herriko Dantza Agerketaren hamargarren edizioaren (1982) kartela. Egilea: Agustin Ibarrola. Iturria: Kultur Etxea

Kartel gehiago ikusteko sakatu hemen

Iturriak eta bibliografia:

Euskal Herriko Dantza Agerketaren 25 urte. Basauri: Basauriko Udala, 1998

Euskal Herriko Dantza Agerketa, Basauri (DVD). Basauri: Basauriko Udala, 2010

XXV. Euskal Herriko Dantza Agerketa El Social Nº92 1997ko iraila

La Gaceta del Norte 1972ko urriaren 13a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala

La Gaceta del Norte 1972ko urriaren 15a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala

La Hoja del Lunes de Bilbao 1972ko urriaren 16a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala

No alt text available for image

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen