Basauriko herritar askorentzat, Cecilia Idirin Basozelaiko kale baten izena da, eta gutxik ezagutzen dute izen horren atzean dagoen emakumearen istorioa. 2010eko martxoan, Udalak erabaki zuen andra horren omenezko kale bat eskaintzea Basozelaiko etxebizitza babestuen urbanizazio estreinatu berrian, garai batean Basconiako futbol-zelaia zegoen tokian. Horrela, ahanzturatik berreskuratu zuten Bilbon preso hartu eta 1937ko abenduan fusilatu zuten Cecilia Idirin basauriarraren izena. Izan ere, ezer gutxi dakigu Zeziliaren bizitzaz, baina lerro hauen bidez bere historiara hurbilduko gara.
Cecilia Idirin Garabieta 1913ko urtarrilaren 31n jaio zen Lezaman. Bizkaiko hautesle-errolden azterketatik ondoriozta daitekeenez, bere familiako kide batzuk Basaurin bizi ziren 30eko hamarkadaren hasieran. Cecilia bera Basauriko bizilaguna zen, eta Arizgoitiko 6. zenbakian zuen helbidea 1932ko hautesle-erroldan.
Eskuinean, Cecilia Idirin kaleko plaka baten irudia. Basauriko hirugarren kalea da emakume izena duena. Beste biak dira Manuela Eguiguren, eta bere amarena, Juana Madariaga.

1936ko Gerra Zibila piztu ondoren, Idirin anaietako bi armada errepublikarraren alde borrokatu ziren. 1937ko ekainean, tropa frankistak Bizkaian sartu zirenean, Ceciliak Bilbora ihes egin zuen, baina abuztuan atxilotu zuten. Egin zioten epaiketa arbitrarioan, inolako frogarik eta defentsarik gabe, Basauriko udal-maisuetako batek adierazi zuen kargutik kendu eta 11 hilabetez espetxeratu zutela, Cecilia Idirinen salaketaren ondorioz. Gainera, beste akusazio batzuk ere izan ziren, esaterako, irainak eta erasoak egozten zizkion auzokide batena. Halaber, Amurrioko frontera miliziekin joan izana egozten zioten, non presoak erasotzera eta hiltzera animatzen zituen. Hori guztia 1937ko urriaren 28an amaitu zen, heriotza-zigorra ezarri baitzioten erreboltari atxikitzeko delituagatik, eta gertakarien garrantzia larrigarri zela. Exekuzioa 1937ko abenduaren 14an gertatu zen, Vista Alegre hilerrian. 24 urte besterik ez zituen.
2022ko azaroan, desagertutako Orue txaleta zegoen lekutik gertu, Bilboko Udalak plaka bat jarri zuen Gerra Zibilean eta diktaduran errepresaliatutako emakumeak omentzeko. Ekitaldian, bereziki aipatu ziren exekutatuak izan ziren hamaika emakume, eta horien artean Cecilia Idirin zegoen.

Santutxun 2022ko azaroaren 25ean Bilboko espetxeetan errepresaliatutako emakumeen omenez jarritako plaka. Bertan, Orue txaletaren irudi erreprodukzio bat dago. Garai batean zalantzan egon zen emakumezkoen kartzela horren existentzia, eta ez dago oso datu ziurrik. Azken ikerketek salatzen dute zein egoeratan zeuden preso ugari, pilatuak, gaizki elikatuak eta umiliatuak.

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen
Iturriak eta bibliografia:
Basauriko Udala. Osoko bilkuren aktak [Kontsulta: 2023-02-15]. www.basauri.eus
Basauri hoy nº134 abril de 2010.
Bilboko Udal Artxibo
Gogora. Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua. Euskadin gerra zibilean hildako biktimen datu basea. Eskuragarri hemen: www.gogora.euskadi.eus
Lezamako Erregistro Zibila