Manuela Eguiguren Madariaga 1901eko maiatzaren 10ean jaio zen Etxebarrin. Aita, Gregorio Eguiguren, bertakoa zen, eta ama, Juana Madariaga, Basaurikoa, eta bertara joan zen familia handik gutxira.
Juanak, bere amak, urte batzuk zeramatzan inguruko emakumeei erditzeetan laguntzen, eta emagin lana erakutsi zion. Gorlizko Erietxean senide bat bisitatu ondoren, erizain gisa kontratatu zuten. 1925eko azaroaren 20an emagin titulu ofiziala lortu zuen Valladoliden. Hurrengo urtean, 1926ko maiatzaren 13an, Basauriko udal emagin izendatu zuten, Udalbatzaren aktetan ikusi ahal denez.
Horrela, ibilbide luze eta sakrifikatua hasi zen, zeina oraindik agertzen den gaur egun eskualdeko biztanleen memoria kolektiboan. Kontuan izan behar dugu emagina izateak zekarren guztia: egun osoan egon behar zuen libre, edozein unetan jaso baitzezakeen abisu bat, oporrik edo egun librerik gabe. Gainera, etengabe mugitu behar izaten zen inguruko herrietako (Galdakao, Etxebarri, Basauri, Arrigorriaga) beharrak asetzeko, askotan oinez edo besteren batekin autoz, motoz edo kamioiz. Ez zegoen garraiobide erregularrik, eta are gutxiago errepide egokirik. Berak alaba erditu zuen, goizeko 6etan San Migelen erditze bat izan eta handik Basauriko etxera oinez itzuli ondoren. Honela zioen Manuelak berak bere elkarrizketetako batean:
Una vez me avisaban dejaba todo, como si estaba comiendo, daba igual. Durante el día andaba con las medias en el bolsillo. Una vez, al llegar a casa, me di cuenta de que no llevaba falda, sentí frio, y es que con las prisas me había marchado en saya.
Eskuinean, Manuela Eguigurenen azken urteetako argazkia.
Senideek utzitako irudia.


Lanean jo eta ke ibilitzeaz gain, askotan artatzen zituen baliabide ekonomiko gutxiko emakumeak edo gaixorik zeudenak, eta janaria edo arropa ere eramaten zien. Horregatik guztiagatik, Manuelak 200 pezetako soldata jasotzen zuen urtean, udal aktetan agertzen denaren arabera. Medikuak, berriz, 3500 pezeta kobratzen zituen urtean. Badakigu urteetan zehar 500 pezetako soldata igoera aldarrikatzen aritu zela, baina ez zioten inoiz eman. Ahal zuten familiek ematen zizkioten eskupekoetatik bizi zen ia. Urte batzuk geroago, 60ko hamarkadan, Gizarte Segurantzarako lanean hasi zenean, 90 pezeta kobratzen zuen erditzera joateagatik eta emakumea 8 egunez bisitatzeagatik baina medikuak kobratzen zuenarekiko aldea, berriz ere, nabarmen lotsagarria da. 120 pezeta kobratzen zituen jaiotza-agiria sinatzeagatik.
Urte horietan guztietan, erditze bitxiak etorri zitzaizkion: anaia-arreba siamdarrak, hirukiak eta baita bi sexuetako haurtxo bat ere. Gainera, Basauritik igarotzen ziren nazionalitate desberdinetako amak ere artatzen zituen.
Ezkerrean, Manuela Eguiguren erizain uniformea jantzita. 19 urte zituela, eta gutxi gorabehera hiru urtez, Gorlizko Erietxean jardun zuen.
1920 inguruan hartutako irudia, senideek lagata.
1975eko maiatzean, Basauriko Udalak omenaldi bat antolatu zion Manuela Eguigureni, eta Arizko kale bati eskaini zion bere izena. 1994an, bere izena daraman emakumeen elkartea sortu zen, eta, gainera, San Fausto jaietako pregoilari izendatu zuten. 2008an Agirre Lehendakariaren eta Antonio Fernandezen kaleen artean busto bat jarri zen bere omenez, Jesus Lizaso eskultorearen lana.
Manuela Eguiguren Madariaga 2003ko maiatzaren 23an hil zen. Egun batzuk lehenago 102 urte bete zituen.
Behean, 1994ko San Fausto jaietako pregoiaren zatia. Manuela Eguiguren izan zen Basauriko festetako lehen emakume pregoilaria.
Klikatu hemen programa osoa ikusteko.
Eskuinean, Manuela Eguigurenen argazkia jaietan dagoen Txikerrak lokalean, berea eta amaren irudiak atzean dituela. Senideek utzitako irudia.
A lo largo de estos años, 47 de ellos ejerciendo como comadrona, os he visto nacer, crecer, tener hijos y nietos. Hemos compartido momentos felices y amargos, pero siempre he tenido presente el agradecimiento de todos vosotros.


Juana Madariaga Astigarraga
1872an jaio zen, Basaurin, eta bertako hiru belaunaldiri eta inguruko herrietako beste haur batzuei munduratzen lagundu zien. 60 urtez aritu zen emagin lanetan. Emakume autodidakta izan zen hasieran, baina emagin titulua ere lortu zuen Valladoliden, bere alaba Manuelak bezala. Juanita, emagina 1961eko apirilean hil zen. Bere izena duen kale batek gogorarazten du emakume hori bere alabarekin batera, erditzea lanbide ez ezik komunitatearentzako zerbitzu ere egin baitzuten.
Manuela eta Juanita familia bazkari batean 1957an. Senideek utzitako irudia
Ba al zenekien Juana Madariaga 85 urte bete arte egon zela erditzeetan laguntzen?
Bazenekien Manuelaren neba bat pilotua izan zela SESBen Bigarren Mundu Gerran?
Juan Eguiguren Madariaga
1914an jaioa. Manuela Eguigurenen neba, eta Juana Madariagaren semea. Gerra Zibilean Euzkadiko Ejertzitoko kide izan zen. Porrotaren ondoren Kataluniara ihes egin zuen eta handik SESBera. Sobietar Batasunean Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuen pilotu gisa. 60ko hamarkadan aberriratu zen.

Juanita Madariaga, "emagina"

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen
Iturriak eta bibliografia:
Azcona, J.M.: Historia de la Anteiglesia de San Miguel de Basauri. Basauriko Udala, 1996
Basauriko Erregistro Zibila
Basauriko Udal Artxiboa
Basauriko Udala. Osoko Bilkuren Aktak. [Konsulta: 2023-04-15]. www.basauri.eus
Basauriko Udala. Manuela Eguiguren (1901-2003). Emagina. [Konsulta: 2023-04-04]. www.basauri.net
Etxebarriko Erregistro Zibila
García, R.: Basauri: antzinako. Basauriko Udala, 2006
La Voz de Basauri. 2. zbkia, 1960ko urtarrila. Eskuragarri hemen: Basauri Biblioteka
La Hoja del Lunes. 1975ko maiatzaren 5a. Eskuragarri hemen: Lau Haizeetara Bizkaiko Foru Liburutegiko Biltegi Digitala
Pérez, J.L.: Oroimenaren ispiluak : Basauriko emakumeen ahozko historia, 1937-2003. Basauriko Udala, 2004