
Valentín Fernández Martínez 1926ko azaroaren 13an jaio zen Basauriko San Fausto kaleko 2. zenbakian. San Jose ikastetxean ikasi zuen, eta 13 urterekin La Basconian hasi zen lanean. Fabrikako Arte eta Lanbide Eskolan nabarmendu zen pinturarekin zuen trebetasunagatik. Garai hartan, txaketaren poltsikoan pintzel batzuk eramaten zituen beti, eta denek Pinceles deitzen zioten.
¿Qué cuándo me pusieron el mote de Pinceles? Desde siempre. Imagínate en aquella época, en Basauri, un niño con el pelo largo y con unos pinceles en el bolsillo de la chaqueta. Era inevitable.
Ezkerrean, Félix Díez Santamariak 1993an Valentín Fernández Ixatxak jaunari egin zion elkarrizketaren zatia, 1993ko maiatzean Arizko Dorrean egindako erakusketaren katalogoaren kontura.
Eskuinean, Valentín Fernández Ixatxak eta Agustin Ibarrolaren argazkia.
Iturria: El Social, 1993ko apirila.

espacio

Pintzelarekin zuen trebetasunak, hain zuzen ere, ekarri zion Basconiak Bilboko Arte eta Lanbide Eskolan ikasteko lau urteko beka bat ematea. Lanaldia amaitu ondoren klaseetara joaten zen, egun egunero. Han beste artista batzuekin elkartu zen, hala nola Larroque, Guinearekin edo Larrearekin, eta bere olio-pintura irakasle Miguel Marañonekin. Azken horrek Bilboko La Cruz kalean zuen estudioan ikasi zuen bekaren azken urtea. 1946an geunden, eta urte horretan izan zuen lehen aldiz Bilboko Arte Ederren Erakusketa Probintzialean erakusteko aukera, ikastun-eskolatik atera berri ziren beste artista batzuekin batera.
Horren ondoren, bere ibilbide artistikoak geldialdi handia izan zuen hiru urtez alde egin behar izan baitzuen Burgosera soldadutza egitera. Basaurira itzuli zenean, La Basconiako delineatzaile gisa hasi zen lanean, pintura alde batera utzita. Baina bere benetako bokazioa ezkutuan mantendu zen beti, eta 20 urte geroago, 70eko hamarkadaren hasieran, berriro ekin zion margotzeari Tailer-estudio bat ireki zuen Basauriko Santiago kalean, non irakaskuntza bere sorkuntza artistiko partikularrarekin konbinatzen zuen. Bigarren aldi honetako ibilbide artistikoan, 1972an Barakaldon egindako Euskal Artearen Erakusketa handian parte hartu zuen. Urte berean, bakarkako lehen erakusketa egin zuen Bilboko Windsor galerian.
Ezkerrean, Valentín Fernández Ixatxak. Iturria: El Social, 1993ko apirila.
1975ean berriro erakutsi zuen bere obra Bilbon, oraingoan Lorca Galerian, eta han ezagutu zuen Luis de Castresana idazlea. Topaketa horretatik lankidetza polita sortu zen: Valentinek ilustratu zuen Castresanaren El otro árbol de Guernica eleberri ospetsuaren euskarazko edizioa. Liburua 1978an argitaratu zen, eta margolari basauriarrak obrarako berariaz egin zituen olio-pintura erreprodukzioak ziren 24 ilustrazio.
Eskuinean, Valentín Fernández Ixatxak autorearen autoerretratua, Luis de Castresanaren El otro árbol de Guernica eleberriaren euskarazko argitalpena ilustratzeko olio-pinturak margotzen.
Iturria: Castresana, Luis de: Gernika'ko beste arbola. La Gran Enciclopedia Vasca, 1978.
1978an, Bilboko Eguberri galerian egin zuen erakusketa, eta 1979an, Basauriko Ibaigane Kultur Etxean. Azken erakusketa Arizko Dorrean egin zuen, 1993ko maiatzean. Handik gutxira, gaixotasun luze baten ondorioz, maiatzaren 13an hil zen Valentín Fernández, San Migeleko Saibi Mendi kaleko bere etxean.

Ixatxak eta Basauri
Valentín Fernández Ixatxak margolari umila izan zen, zintzoa, bere herriko eguneroko bizitzaren lekuko, bere obran sinpleki ikusten eta erretratatzen zuen ingurua. Euskal herria eta bere tradizioak dira bere pinturen gai nagusiak: baserriak, burdinolak eta beste euskal landa-estanpa batzuk dira margolanen protagonista nagusiak. Debozio eta maitasun berezia zion Basauriri, bere herriari.
A mi Basauri me parece precioso. Se lo digo a algunos y se enfadan. No entiendo a la gente que dice que es feo. Será para ellos… Esta exposición es muy importante para mi, porque todo lo que he hecho ha sido pensando en el pueblo.
Ezkerrean, Félix Díez Santamariak 1993an Valentín Fernández Ixatxak jaunari egin zion elkarrizketaren zatia, 1993ko maiatzean Arizko Dorrean egindako erakusketaren katalogoaren kontura.
Ezkerrean, Valentín Fernández Ixatxak-en estudioko bisita-txartela Basauriko Santiago kalean.
Iturria: Kultur Etxea

Dedikazio horren ondorioz, hain zuzen ere, gaur egun basauriar askok eta askok Ixatxak maitasun handiz gogoratzen dute. Berak gogoratzen zuenez, azken urteetan oso une hunkigarriak bizi izan zituen. Izan ere, 1990ean San Fausto jaietako pregoilari izendatu zuten, eta Korrikan ere lekukoa eraman zuen.
1975ean, Ibaiganeko Kultur Etxeko atarian ikus dezakegun mural handia egin zuen. Margolan honetan, Ixatxaken haurtzaroko Basauri irudikatu zuen, San Migel, Artunduaga, burdinolak, baserriak eta baserritarrak.

Ibaiganeko muralaz gain, modu altruistan egindako artista honen beste lan bat ere ikus daiteke: San Fausto kalean dagoen horma-hobiaren dekorazioa. Bertan, herritarrek urriaren 13an prozesioan ateratzen duten santuaren tailua dago. Basauriko Udalean, Deustuko Unibertsitatean eta Etxebarriko Laminación de Bandas (Arcelor-Mittal) enpresan ere gordetzen dira artista honen lanak.
1993ko maiatzean, omenaldi moduan, Udalak erakusketa bat antolatu zuen Arizko Dorrean. Bertan, 80 margolan eta eskultura jarri ziren ikusgai, bere obra zabaltzeko eta Basauriri eta bertako jendeari zion dedikazio handia aitortzeko. Artista hil baino 6 egun lehenago egin zen erakusketaren inaugurazio-ekitaldian, alkateak Basauriko urrezko intsignia eman zion, alabak bere izenean jaso zuena.
Bi urte geroago, 1995eko uztailean, San Migelen Parke bat inauguratu zen eta bere omenez Ixatxak Parkea deitu zioten.
1997tik, martxoaren 19an, San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak Ixatxak sariak antolatzen ditu, udalerriarekin gizarte eta kultura mailan konprometitutako pertsona, talde eta erakundeei ematen zaizkien sariak. Saria Ixatxak omentzeko eskultura alegoriko txiki bat da, margolariaren Victor Sarriugarte lagunak egina. 2002an, eskultura horren bertsio handiago bat jarri zen Kale Nagusian, metro geltokiaren ondoan, Ixatxaken tailer-estudioa zegoen tokitik oso gertu, non basauriar askok eta askok doan margotzen ikasi zuten artista honen eskuzabaltasunari esker.
2007ko urrian, Ixatxak gogoratzeko erakusketa bat egin zen Ibaigane eta San Migelgo Kultur Etxean. Bertan, artistaren hamaika lan eta bost senidek egindako beste lan batzuk erakutsi ziren.

Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen
Iturriak eta bibliografia:
Castresana, Luis de: Gernika'ko beste arbola. La Gran Enciclopedia Vasca, 1978
García, R.: Basauri: antzinako. [S.l.], 2006
Lázaro, L. de y Castresana, L. de: Ixatxak. La Gran Enciclopedia Vasca, 1976
Valentín Fernández "Ixatxak": [erakusketa] Basauri, Arizko Dorretxea : 1993.eko Maiatzaren 7tik Ekainaren 11ra arte . Basauri, 1993
Deia, 1993ko maiatzaren 9a
Egin, 1993ko maiatzaren 9
El Social, 1993ko apirila
El Social, 2007ko urriaren 19a
Vecinos de Basauri y Galdakao, 1993ko ekaina.