70eko hamarkadaren amaieran, Herriko Taldeen arduradunek San Fausto jaiak irudikatuko zituen irudi bat sortzea proposatu zuten. Hala, 1978ko jaietan Eskarabileroaren irudia agertu zen udaletxeko balkoian. Urtebete geroago, 1979an, pertsonaia hau emakumea izatea erabaki zen eta horrela jaio zen Eskarabilera. Denboraz, Basauriko jaietako pertsonaiarik nabarmenena bihurtu zen.
Zer zen eskarabila? Nor ziren eskarabileroak eta eskarabilerak?
Eskarabila La Basconiako galdaketa-labeetatik ateratako ikatz errearen hondarrek osatzen zuten. Zepa hori bota egiten zen, eta hainbat erabileratarako erabiltzen zen, adibidez, udalerriko bideen zoladurarako. Garai hartan, kaleak lurrezkoak ziren eta euria egiten zuenean lokaztu egiten ziren. Hori saihesteko, eskarabila zoladura gisa zabaltzen zen. Hori dela eta, Basauriko bizilagunei eskarabilero esaten zaie.
Beste batzuetan, hondakin horien artean, erre gabeko hondarrak geratzen ziren, eta emakumeek etxeko sukaldeetako sutegietan erregai gisa erabiltzen zituzten, edo saldu egiten zituzten etxeko ekonomia txiroan laguntzeko. Emakume gehienak La Basconiako langileen emazteak eta alabak izaten ziren, baldea edo saskia eskuan, eskarabilaren artean arakatzen ibiltzen zirenak hondakinak aurkitzeko. Emakume horiei eskarabilera deitzen zitzaien, eta haientzako omenaldia da gure jaietako irudi ikonikoa: Eskarabilera.
Eskuinean, langileak Basconia kalean eskarabilla zabaltzen.
Iturria: Kultur Etxea


1979an, eskarabileren figura gogoratzeko eta omentzeko, jaietako pertsonaia izendatzea erabaki zuten. Eskarabilera baserritar jantzita irudikatzen da:, gona, mantala, zapia eta eskarabilaz betetako saskia eramaten ditu. Lehen urteetan figura nahiko prekarioa zen, eta pertsona batek egon behar zuen barruan mugitu ahal izateko. 80ko hamarkadan, Kultur Etxeko eskultura-tailerrari eman zitzaion Eskarabilera egiteko enkargua. Ordutik aurrera, Eskarabilera buruhandi moduko bat da, gurpilekin eta armazoiarekin, mugikortasuna irabazteko eta, horrela, jaitsieran eta kalejiretan eraman ahal izateko, eta jaietako ekitaldi esanguratsuetan egon ahal izateko.
Eskarabilerak jaietan parte hartu zuen lehen aldian, Hauspoak kuadrillak zaindu zuen. Harrezkero, urtero koadrila bat arduratzen da jaiak hasten direnetik amaitu arte, puxika batzuen bidez airera botatzen denean. Lehenengo urteetan, oso pisu txikia zeukan, eta soinekoa baino ez zen altxatzen. Urteen poderioz eta materialen hobekuntzarekin, 80ko hamarkadaren amaieran, irudiaren burua botatzea erabaki zen. Irudi horren barruan mezu bat dago euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, aurkitzen duenarentzako jarraibide batzuekin: Basauriko Eskarabilera naiz. Aurkitzen banauzu, deitu telefono honetara eta saria jasoko duzu. Eskarabilerak urteetan zehar airean egin dituen bidaiak eguraldiaren araberakoak izan dira. 1998an Txekiar Errepublikaraino iritsi zen. Beste batzuetan oso gertu geratu da, adibidez, 2009an, Etxebarriraino baino ez zen heldu; eta askotan ez da agertu, baina, agertzen denean, edizio horretako festetan lagun izan zuen koadrila haren bila joaten da, eta Sanfaustoetan Basauri bisitatzera gonbidatzen ditu hura aurkitzen duten pertsonak. 50. urteurreneko Eskarabilera Ibarrangelun aurkitu zuten, 2023. urtearen amaieran. Ogeta Bat koadrilak hartu zuen irudiaren burua.
Ezkerrean, Eskarabillera, Ogeta Bat koadrilak lagunduta, 50. urteurreneko jaietan (2018).
Iturria: Kultur Etxea
Non agertu da eskarabilera urteetan zehar?
Beste omenaldi batzuk
Gaur egun, Eskarabileraren figura eta ordezkatzen duen guztia oso maitatua da gure herrian. Horren adibide da Victor Sarriugarte artistak 2007an eskarabila jasotzen zuten emakumeen omenez egindako brontzezko eskultura. Obra azaroaren 25eko plazan jarri zuten, San Pedro elizaren ondoan. Bertan, ama bat irudikatzen da mantala eta gonarekin jantzita: esku batean alaba, beste eskuan eskarabilaz betetako balde bat. 2017an, Basauriko San Fausto Bildumazaletasun filatelikoak oroitzapenezko zigilu-marka bat egin zuen jaietako Eskarabileraren irudiarekin.
2020an, Bizkaiko Foru Aldundiak Eskarabilerari eskainitako haurrentzako ipuin bat argitaratu zuen, eta gure katalogoan aurki dezakezu, hemen klik eginda. Gainera, etxeko txikiei Eskarabileraren historia kontatu nahi badiezu, sartu gure haur-webgunean.

Ezkerrean, Victor Sarriugarteren Eskarabileraren eskulturaren irudia.
Iturria: Kultur Etxea
Eskuinean, Eskarabileraren zigilu-markaren irudia.
Iturria: Correos


Informazio hau etengabe eguneratzen ari gara. Gaiari buruzko argazkiak edo bestelako materiala badaukazu eta partekatu nahi badituzu, jarri harremanetan Liburutegiarekin, hemen.
Iturriak eta bibliografia
Basauri Kultur Etxea
El Social, 1988ko urria.
Elorrieta, I.: La eskarabillera: mujer basauritarra. Eskuragarri hemen
García, R.: Basauri: antzinako. [S.l.], 2006
Mera, J.M.: Gure pertsonaia: eskarabileroa 1978ko jaien egitaraua. Eskuragarri hemen
Mera, J.M.: Nuestro personaje: la escarabillera 1985ko jaien egitaraua. Eskuragarri hemen
Zabala, B.: Gora San Fausto!!! Gora Basauri!!!: Sanfaustoak eta Herriko Taldeak, 1968-2018. Beta III Milenio, 2006
Basauriko jaietako programak. Eskuragarri hemen
Bideoak
Basauriko Udala · Ayuntamiento de Basauri. [@UdalaBasauri]. (2024-09-15). Eskarabilera Eskarabillera [Vídeo]. Youtube. https://www.youtube.com/watch?v=5qLi6-wPr1I
Herriko Taldeak. [@HerrikoTaldeakBasauri]. (2024-09-15). Honat - Eskarabilera bila (Basauriko Jaiak) [Vídeo]. Youtube. https://www.youtube.com/watch?v=Eb6AFuwi0fI